DIOKLEZIANO

DIOKLEZIANO

Diokleziano, (c. 244ko abenduaren 22a 311ko abenduaren 3a), 284ko azaroaren 20tik 305eko maiatzaren 1 arte erromatar enperadorea izan zen.
Diokleziano enperadorea

Iliria probintzian jaio zen, familia xume eta txiro batean. 284ko azaroaren 20an armadak aldarrikatu zuen enperadore Karinoren hilketaren ostean. 285eko udaberrian agintari bakarra bihurtu zen.
Lehendabiziko 9 urteetako eskarmentuak erakutsi zion Dioklezianori Inperioa handiegia zela pertsona bakar batek gobernatu ahal izateko. Ezinezkoa zen aldi berean Rhin ibaiko muga defendatzea eta Egiptoko arazoez arduratzea. Konponbide erradikala eman zion: bitan banatu zuen Inperioa, muga erdian kokatuz eta mendebaldeko eta ekialdeko erdiak sortuz. Erdibitze horrek epe laburrean arrakastarik ez bazuen ere, epe luzean egonkortu zen.
Ondorengotza-arazoak konpontzearren eta banatu berri zeuden zatiak nork gobernatuko zituen argitzearren, Dioklezianok Tetrarkia (edo lauen gobernua) sortu zuen.
Enperadore batek mendebaldea jasoko zuen, eta beste batek, ekialdea. Baina haiek ere euren menpeko eremua zatitu behar zuten, eta beste kide bat onartu, enperadore tituluarekin. Hala ere, lehenengo biek Augusto titulua izanen zuten. Onartutako kideek Zesar titulua berriz. Dioklezianoren asmoa zen Augusto bat hil ondoren, Zesar batek bere postua hartzea, eta Zesar berri bat izendatzea.
292an sistema abian jarri zuen Dioklezianok. Ekialdea bere esku utzi zuen eta mendebaldea Maximianori eman zion. Erroma ez zen jada hiriburua. Senatuak Erroman jarraitu zuen, baina haren botereak murriztuta zeuden erabat.
Galerio eta Konstantzio Kloro ziren aukeratutako Zesarrak.
III. mendeko krisialdia kontuan hartuta, harrigarria da Dioklezianoren garaian bederen Tetrarkiako gobernatzaile bat ere matxinatu ez izana. Dioklezianoren ostean gerra zibila piztu zen berriro, eta Inperio osoak buru bat izatera igaro zuen. Nolanahi ere, 395ean sistema hau berreskuratu zen, eta bi erdiak ez ziren berriro batu.
Dioklezianok boterea eskuratu zuenean, Erromako ekonomia krisi luzean zegoen jada. Etengabeko gerren kostuek hondoratu zuten ekonomia. Gainera, armadak gizon gazte andana eskatzen zuen, eta, beraz, langile falta somatzen zen.
Erromatar Inperioa oso zabala zen. Distantzia luzeko lurraldeak batzen zituen. Horren gainean gobernatzeko sistema hiri txiki bat aurrera eramateko Errepublikan oinarritzen zen. Handiegia eta zabalegia zen Inperioa haren ekonomia kontrolpean edukitzeko.
301ean, Dioklezianok Altuenetako Prezioen Legea plazaratu zuen. Horretan 1000 ondasun inguruko prezioak eta soldatak ezartzen ziren. Ez betetzeagatik heriotza zigorra emanen zitzaien saltzailei.
Nolanahi ere, ekonomia-zientza sortu baino lehen bizi zen Diokleziano, eta haren erreformek behera eraman zuten ekonomia. Zergak handitu eta zerbitzu zibila luzatu behar izan zituen. Inflazioa kontrolatu ezinik, azkenean erreformei ez zitzaien kasurik egin.
Dioklezianok armada handitu zuen, 450.000 soldadu izateraino. Bi taldetan banatu zuen: mugako tropak eta tropa mugikorrak laguntza ematearren. Armada guztiaren bi heren mugako tropak ziren. Gainerakoek Augustoek eta Zesarrek bere hiriburuetan zeuzkaten. Boteretik hurbilago zeudela eta, tropa mugikorrek soldata hobe jasotzen zuten. Horrek sumina eragin zuen hasiera batean. Epe luzean arazoak ekarriko zituen.
Legio baten gizon kopurua murriztu zuen Diokleziano. 1.000 soldadurekin estrategikoki malguagoak ziren. Mugako legioek, ordea, 4.000-6.000 soldadu bitartean zeuzkaten, indartsu gordetzeko.
Pretoriar Goardiako prefektuari boterea kendu zion Dioklezianok. Augusto eta Zesar orok bi jeneral nagusi zituzten, bat infanteriarako, eta bestea zalditeriarako. Ardura militarra erdibitzeaz gain, arrisku politikoak ere murrizten ziren honela. Gainera, zalditeriaren garrantzia onesten zen erromatar armadan.
Dioklezianoren ondorengoek halako erreformei eutsi zieten. Konstantino I Handiak areagotu zituzten: Pretoriar Goardia desegin zuen eta 4.000ko bizkartzain gorpu berri bat sortu zuen, hobeki kontrola zezan.
303an kristauen kontrako azken eta bortitzen jazarpenari hasiera eman zion Dioklezianok. Haren agintaldiaren lehen urteetan Galerio zen kristauen kontra egiterakoan sutsuena. Baina denbora pasa ahala Dioklezianok ere kidea bezain oldarkor jokatu zuen.
Jazarpen honek 313 arte iraun zuen, Konstantinok Milango Ediktua plazaratu arte. Jazarpena hain zen gogorra non Alexandriako elizarentzat Dioklezianoren agintaldiari martirren garaia deitzen zioten. Jazarpenaren beste ondorio bat Marinoren ihesaldia izan zen. Dalmatiar honek Titano mendira joan behar izan zuen, eta, hor, San Marino Errepublika izatekoa jaio zen.
305ean, 59 urte zituela eta gaixotasun batek ia ia hil ondoren, Dioklezianok erretiroa hartu zuen. Itsaso Adriatikoko kostaldera, gaur egungo Split-era hain zuzen ere, joan zen non kalabazak hazteari ekin zion.
Erreteriro boluntarioa hartu zuen enperadore bakarra izan zen. Gainerakoak tronuan hil ziren, bai erahilda bai heriotza naturalengatik. Urte batzuk beranduago boterea berriro har zezan eskatu zioten, ondorengoek eragindako gerra zibil berria zela eta. Dioklezianok muzin egin zuen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario